• 28
    API
    "Osasun etxeak eta biok euskaraz" herri ekimenak deituta Osasunbideari kexa helarazi diote Iruñeko Errotxapea auzoko zenbait lagunek. Maiatzaren 17an batzarra deitu dute dinamikaren xehetasunak azaltzeko.
    Osasun Etxean euskaraz artatua izateko dinamika abiatu dute Errotxapean

    Hau da Errotxapearrek zabaldutako oharra:

    "Errotxapeako osasun etxean ez dago ez mediku eta ez pediatra euskaldunik. Hori da mediku eta pediatra aldaketa egitera goazen herritarroi, osasun etxean erantzuten digutena. Lanpostu horien lanbide-profiletan ez dago euskara ezagutu beharrik gainera. Osasun etxean ez dira beraz euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen, ez dira oinarrizkoak diren gure beharrak asetzen.

    Egoera horren aurrean, auzoko hainbat euskaldun euskaltzale, Errotxapeako osasun etxearen atarian bildu ginen atzo; Osasunbideari gure kexa helarazi, eta euskaraz artatuko gaituzten mediku eta pediatra euskaldunak ezartzea, idatziz exijitzeko.

    Bide batez, maiatzaren 17an asteartearekin, arratsaldeko 19:00etan Juslarrotxan eginen dugun auzo batzarraren berri eman genuen. Atzo abian jarritako eta hurrengo hilabeteetan jarraipena izango duen “Osasun etxeak eta biok euskaraz” dinamikaren inguruko xehetasunak, orduan azalduko baititugu.

    Horregatik, euskaraz bizitzeko hautua egin duzuen edota egiteko prest zareten norbanako eta eragileak, bertan parte-hartzera animatu nahi zaituztegu.

    Ordura arte, ongi segi!

    “Osasun etxeak eta biok euskaraz!” herri ekimena.

    Iruñean, 2016ko apirilaren 28an."