• 29
    MAR
    Euskal Herrian Euskarazek euskaldunontzat egia aitortza eta erreparazioa eskatzeko osatu duen manifestua eta lehen 1.000 sinatzaileak aurkeztu ditu gaur Donostiako Eureka! Zientzia Museoan.
    Egia, aitortza eta erreparazioa euskaldunontzat

    Euskaraz bizi nahi izateagatik euskaldunok mendetan zehar pairatutako jazarpena salatu eta jazarpen horri begirako Egia, Aitortza eta Erreparazioa euskaldunontzat eskatu du gaur Euskal Herrian Euskarazek Donostian egin duen ekitaldian. Ekitaldian euskalgintzako elkarteetako ordezkariak zein norbanako euskaltzaleak egon dira.

    Zapalkuntza horren emaitza da egun bizi dugun errealitate soziolinguistikoa, hau da, hizkuntza-komunitate gisa desegituratuta egotea eta gure hizkuntza-eskubideak urratuta egotea. Euskaldunok ez diogu gure borondatez uko egin euskarari. Herri gisa zapalduak, zatituak eta ukatuak izan garen bezala, hizkuntza-komunitate gisa ere zapalduak, zatituak eta ukatuak izan gara. “Euskal gatazka” deitutakoa hizkuntza-gatazka ere bada.

    Euskara ordezkatzeko helburuarekin estatuek eragin duten hizkuntza-gatazkaren dimentsioa eta nolakotasuna ezagutzeko eskubidea eta beharra dugu euskaldunok. Euskaraz bizi nahi izateagatik hamarkadetan pairatutako bortxa errealitate ukaezina izanik, euskaldunok ere egia, justizia eta erreparazioa eskatzen dugu.

    Aldarrikapen hori manifestu batean jaso eta gaur aurkeztu du EHEk. Manifestuarekiko atxikimendu bilketari ere ekin dio, eta gaur lehen 1.000 atxikimenduak aurkeztu ditu. Hemendik aurrera nahi duen herritar orok atxikimendua emateko aukera izango du honako helbidean:

    https://labur.eus/ehe_manifestua

    Jazarpenaren lagin gisa, euskaraz hitz egiteagatik zigortuak edo gutxietsiak izan diren pertsonen testigantzekin osatutako bideoa proiektatu da ekitaldian. Bideoa sarean ikusgai dago honako loturan:

    https://www.youtube.com/watch?v=Cz1EUhPl4LI&feature=youtu.be