• 15
    API

    Lea-ArtiBAI Euskarari elkartea eta Uema iaz hasi ziren proiektua lantzen, eta Urola Kosta eskualdea batu zitzaien gero. Orain, hainbat kirolarik eta kultur eragilek bat egin dute.

    ETBn euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez bultzatzeko eskatu dute
    Hainbat kulturgile eta kirolarik agerraldia egin zuten atzo. Andoni Canellada, Argazki Press

    Euskal Herriko hedabideetan —batez ere, ETB2n— euskararen presentzia handitzea eta kazetariak herritarrei erdaraz egiteko ez eskatzea euskararen arnasgune diren eskualdeetara doazenean. Helburu horiekin jarri zuten martxan iaz komunikazio protokolo bat Lea-ArtiBAI Euskarari elkarteak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Urola Kosta eskualdeko ordezkariak batu zitzaizkien gero. Besteak beste, EITBko arduradunekin zenbait bilera egin zituzten.

    Bi eskualde horietan hasitakoari jarraipena emateko, Euskal Herri osoko hanbat kirolari eta kultur eragile elkartu zaizkie orain. Lea-Artibain eta Urola Kostan abiarazitako protokoloa Euskal Herri osora zabaldu nahi dute. Hainbat lagunek bat egin dute proiektuarekin: besteak beste, Andoni Egaña bertsolariak, Pako Aristi idazleak, Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaileak, Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktoreek, Aitor Gorosabel eta Mikel Markez musikariek eta Iñaki Artola pilotariak, besteak beste.

    Donostian egin zuten atzo agerraldia ekimena babestu duten hainbat kulturgile eta kirolarik, eskaera zehatz hau egiteko: "EITBko zuzendaritzak agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko, eta arretaz zaindu dezala agindua betetzen edo ez". Agindua arau bihurtzea da haien desioa. ETB2n euskaldunak euskaraz egitearen alde izeneko gutuna bidali diote EITBko zuzendaritzari. "Ez dago imajinatzerik ere hizkuntzaren normalizazioari zer mesede egingo liokeen ETB2n euskara gero eta gehiago entzuteak. Ikusgarritasuna emango lioke, entzungarritasuna, bizitasuna, gure herriaren oinarri, osagai eta funtsa dela agertuko luke". Ekinbidea beren egiteko deia egin diete euskal herritar guztiei: "Kamera bat hurbiltzen zaienean euskara erabiliko duten subjektu linguistiko bihur daitezen, bere gain har dezaten hitzaren ardura".

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.