• 02
    EKA

     

    Egunkaria auziari buruzko beste liburu bat argitara eman berri dute asteon. Egunkaria, amets baten egia du izenburu argitalpenak, eta atzo aurkeztu zuten jendaurrean. Unibertsitateko irakasleak dira liburuaren egileak, Txema Ramirez de la Piscina, Ramón Zallo, Teresa Agirreazaldegi eta Pedro Ibarra, eta Joan Mari Torrealdairekin batera egin zuten lanaren aurkezpen gisako agerraldia. Lorea Agirre kazetariak idatzitako Gezurra ari du liburuaren atzetik, Egunkaria auziari buruz argitaratzen den bigarren liburua da honokoa, eta "amesgaiztoa hasi aurreko egiak" jasotzeko borondatearekin jaio da, hots, paraleloki eta hainbat gezur medio epaitua izan den proiektuaren hastapenari buruzko informazio osoa helarazteko asmoarekin.

     

     

     

    Egunkaria.infotik hartutako albistea:

     

     

    "Gezurra ari zuen garaia baretuta, ametsaren egiak argia ikusi du. Euskaldunon Egunkaria-ri dagokionez, behintzat, Egunkaria-ren atal nagusiari dagokionez, behintzat. Asko hitz egin da Egunkaria auziaren inguruan Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an indarrez itxi zuenetik. Balorazioak etengabeak izan dira. Alde batekoak eta bestekoak. Gaiztoak eta zintzoak. Egiak eta gezurrak. Egunerokoa itxi eta zazpi urtera, atxilotu eta torturatu zituztenak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu ondoren, «amesgaiztoaren gezurrak» agerian utzi zituen epaiak. Akusatuak errugabe zirela ebatzi zuen Javier Gomez Bermudez buru zuen epaimahaiak. Ez zegoelaEgunkaria ixteko arrazoirik.

    Gezurra ari du izan zen Egunkaria auziari buruz idatzitako lehen liburua, eta orain arte argitaratutako bakarra. 2004. urtean idatzi zuen Lorea Agirre kazetariak, egunerokoaren inguruan esaten ari zirenen zentzugabekeria agerian utzi eta akusatuak eta zuzenean akusatuak izan ez arren kaltetuak izan zirenak jasaten ari zirena plazaratu nahian. Elkartasun liburua izan zen. Bederatzi argitaletxek emandako laguntza.

    Atzo aurkeztutakoak, berriz, egia du oinarri. «Amesgaiztoa hasi baino lehenagoko egiak», Joan Mari Torrealdaik, auzipetua, torturatua, epaitua eta absolbitua izan denak, atzo, liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez. Horixe utzi nahi du argi EHUko lau irakaslek idatzitakoaren izenburuak berak.

    Egunkaria-ren sorrerari eta produktuari berari buruzko egiak ditu ardatz 140 orriko liburuak. Esandako gezurren ondoren, egiak frogatzea du helburu. Azterketa liburua da; epaiketari begira prestatutako ikerketa. Txema Ramirez de la Piscina eta Teresa Agirreazaldegi EHUko kazetaritza doktoreek, batetik, eta Pedro Ibarra eta Ramon Zallo katedradunek, bestetik, Egunkaria-ren zilegitasuna frogatu nahian egindako txostenak.

    Froga perizial gisa aurkeztu zituzten defentsek bi lanak. Epaimahaiak, ordea, ez zituen epaiketarako onartu, defentsek aurkeztutako froga, peritu, azterketa eta lekukoen bi herenak onartu ez zituen bezala.

    Egunkaria «egunkari estandarra» zela frogatzera bideratu du lana Ramirez de la Piscinak. Edozein egunerokoren antzera lan egiten zuela eta horixe zuela xede bakarra. «Berme zientifikoen» bila, hiru ikerketa mota egin zituen Agirreazaldegirekin. Edozein egunkariren parekoa zela eta itxi zutenean «unerik onenean» zegoela ondorioztatu dute; 50.000 irakurletik gora zituela, sekula baino gehiago.

    Euskal kulturaren sustatzaile eta «konplize» gisa izendatu duEgunkaria. «Erreferentziazkoa» zela esan du. Horren erakusletzat du hainbat sari jaso duten idazleen kolaborazioak biltzen zituela, eta euskal kazetaritzan dauden ia sari guztiak jaso zituela. «Ia urtero jasotzen zuen sariren bat».

    Halaber, «euskal gizartean zegoenaren ispilu perfektura» ondo gerturatzen zela azaldu du, eta bai iritzi bai iturrietan zuen pluraltasuna nabarmendu du.

    Ramon Zallok baikortasunez begiratzen dio auziaren epaiari. Epai horretan, «Egunkaria zer ez zen» jasotzen dela dio, baina faltan sumatzen du «zer zen azaltzea». Horixe egiten saiatu da.

    Egunkaria Sortzen mugimendu euskaltzaleak euskal kultura laguntzeko asmoz sortu zuela azaldu du. Hortaz, akusazioak zentzugabeak direla. ETAren baliabidea zela esatea errealitatea faltsutzea dela dio. «Egunkari bat aktibo publikoa da zeharo; ez da ezkutukoa. Kazetariak ere, lan mundutik kontratatuta daude». Gainera, instituzioek, haren nondik norakoen berri zehatza izanda, diruz laguntzen zutela ohartarazi du. «Akusazioak egia balira, prebarikatzen ari zirela pentsatu beharko genuke».

    Katedradunak argi du auzia bultzada politikoen ondorioz abiatu zela, eta itxi zutenean hainbatek izan zuten jarrera txarretsi du: «Hainbat komunikabide, alderdi eta agintari ez ziren egoerak eskatzen zuen lekuan egon, nahiz orain denak batu diren aldarrira».

    Auzia bildu zuen «justizia prebentibo hura Espainiako Justiziak erakutsitako eskandalagarrienen» artean sartu du, baina ez dela bakarra ohartarazita. Egin-en aurkako auzia aipatu du, eta gehiago etor daitezkeela ohartarazi. Egunkaria-ren auzi ekonomikoa ere epaitzeko dago.

    (Argazkian, Joan Mari Torrealdai, Teresa Agirreazaldegi, Ramon Zallo eta Txema Ramirez de la Piscina atzo, Bilbon).


    FITXA

    Izenburua: Egunkaria, amets baten egia.

    Egileak: Txema Ramirez de la Piscina, Teresa Agirreazaldegi, Pedro Ibarra eta Ramon Zallo.

    Argitaletxea: Ttarttalo.

    Orrialde kopurua: 140.

    Hizkuntzak: Euskara eta gaztelania (edizio bereizietan).

    Salneurria: 12 euro"

     

     

     

    Eranskinak:

     

    Berria.info

    Gara.net