• 13
    EKA

    Baionan egindako agerraldian Lapurdi, Xiberua eta Baxe Nafarroako ikasleek pairatu behar dutenaren argazki orokorra herritarrei helarazi eta azaltzea izan zuten xede Baxoa euskaraz eta EHEko kideek. Alta, ez da izan azkenaldian eragileok auzolanean egindako ekimen bakarra. Izan ere, elkarretaratzea eta ekimena egin zituzten iragan maiatzaren 29an Bernat Etxepare lizeoaren parean eta Alderdi Sozialistak Baionan duen egoitzaren aitzinean, hurrenez hurren, 'Eskola euskaldunaren bidean, baxoa euskaraz!' lelopean.

    Baxoa euskaraz pasatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute Baionan

    Baxoa euskaraz eta EHE eragileen agerraldiko testua:

    Frantziako gobernu guztien helburua beren estatuan nazio bakarra bizitzea izan da. Horretarako, paretik kentzen saiatu dira beren administraziopeko gainontzeko herri, kultura, nortasun, bizi eredu eta hizkuntzak nazio estrategia oso baten baitan.


    Sarritan esan dugun legez, Euskarak beren herrian bizi duen egoera ez da euskaldunok nahi eta behar duguna. Euskal herritarronak ez diren interesak babesten dituzten gobernuen eskutik, euskara eta euskaldunok bigarren mailako izatera kondenatzen gaituzten menpeko hizkuntza politikak jasan eta pairatu behar ditugu. Aipatu politikek erdaren nagusitasuna mantentzea, errotzea, trinkotzea eta atzeraezin bilakatzea beste helbururik ez dute.


    Frantziar Gobernuak argi eta garbi utzi du ez duela onartzen Euskal Herrirako lurralde kolektibitaterik, eta, kanpainan hala agindu arren, ez duela berretsiko Europako Hizkuntza Gutxituen kartarik. Peillon ministroak abian duen hezkuntza erreforman ez du aipatu ere egiten euskararik, eta are gutxiago onartzen du ikasleek euskara ezagutzeko duten eskubiderik. Bitartean, suprefeturak ikastolen finantzazioa erasotzen ari dira, ahal den lekuan trabak jartzen. Frantses Estatuaren delegatu lana beteaz, EEPk ez du beharrezko irakasle euskaldunak egon daitezen urratsak emateko borondaterik erakusten. Frantxua Maitiak prest agertzen du bere burua ikasleek euskara ikas dezaten urratsak emateko, baina noski, mugak eta oztopoak nonahi jartzen dituen legeriaren baitan eta honen aldaketarik gabe. Peillon Hezkuntza Ministroak arazorik ez balego bezala jokatzen du; eta arazorik ez omen den lekuan, konponbiderik ere ez da behar omen.
    Euskara hizkuntza akademikoa, baxoa euskaraz!


    Arestian aipatutakoaren adibide latz baina argiena dugu baxoaren afera. Baxe Nafarroa, Zuberoa eta Lapurdiko gazteok, ikasle gazteok, ikasle euskaldunok, orain arteko ibilbide akademiko guztia euskaraz egin nahi izan dugunok, baxo gisa ezagutzen dugun froga akademikoak nolako eragozpenak sortzen dizkigun azaldu eta salatu nahi dugu, ozen eta tinko.


    Frantziako legislazioan araututa dagoenez, hiru herrialdeotan bizi garen ikasleoi baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea ukatzen digute. Historiako eta, berriki onartu diguten bezala, Matematikako ikasgaietan ez bada. Gainerako ikasgai guztiak frantsesez egin behar ditugu bai ala bai.


    Afera, gainera, ez da azterketa -ezin inportanteago- batera mugatzen; izan ere, baxoa euskaraz egin behar izateak ikas-materialetan -eta gure ikas-prozesuan- ere berebiziko eragina  baitu. Gure ikas-ibilbidearen azken hiru urteetan, hots, lizeoan -hiru herrialdeotan dagoen euskal lizeo bakarrean-, eskola-liburu guztiak -Estatu Frantseseko programa frantses ofizialari zorrotz eta zehatz lotzen zaizkionak, erran dezagun bidenabar- frantsesez ditugu. Honenbestez, programa frantses ofizialari jarraiki, lizeoan egiten ditugun azterketa anitz frantsesez egin behar izaten ditugu -baxoko azterketa prestatzeari begira- eta hala ez denean, itzultzaile lanak egin behar izaten ditugu, liburuko frantsesezko eduki frantsesak gure kaieretara euskaraz pasatzen ditugunean, adibidez.


    Afera eta haren ondorioak ez dira nolanahikoak, baxoa euskaraz egin ezin izateak eragiten duen kaltea eta nahasmena alimalekoak direlako. Lizeo garaian ikasi behar ditugun gertakari, kontzeptu, teorema eta teoria-filosofikoak frantsesez ikastera behartuta gaude eta hori onartezina da. Onartezina ez hizkuntza baten eskubideak –euskararenak- urratzen dituelako, baizik eta hizkuntza horren hiztunonak, hau da, geureak, gizabanako gisa dagozkigun eskubideak urratzen dituelako. Guk euskaraz ikasi nahi dugu, euskara hutsez, alemaniarrek, frantsesek, bulgariarrek eta norvegiarrek egiten duten bezala, normaltasun osoz. Guk ez ditugu soilik ama ikastolako lehen batuketak euskaraz ikasi nahi. Guk Marxen testuak euskaraz irakurri nahi ditugu, fisikaren mundua irauli zuten Newtonen aurkikuntzak euskaraz gozatu nahi ditugu, Gandhiren desobedientzia baketsua euskaraz deskubritu nahi dugun bezala. Guk euskaraz ikasi eta barneratu nahi ditugu edukiok, eta barneratu ditugun moduan adierazteko aukera ukan, gure hizkuntza akademikoan, kultur-hizkuntzan, hots, euskaraz. Guk, sinpleki, gure eskubideak errespetatu daitezen nahi dugu. Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea dugu. Baina, urteak pasa arren etengabe ukatzen zaigu eskubide hori, bi aztergai gehiago euskaraz pasatzen ahal izatea opari gisa aurkeztuz.


    Baxoa frantsesez egiteko derrigortasunak Euskal Herriko hiru herrialdeotako ikasleoi eragiten digu zuzenean, ez da erran beharrik. Baina Euskal Herriko edozein txokotan euskaraz bizi, ikasi eta kulturaz janzteko eskubidearen aldeko borroka ez dagokigu guri bakarrik, euskararen mundua osatzen dugun guztion betebeharra da. Herri osoaren borroka bat da, euskararen herria osatzen dugun norbanako ororen erantzukizuna da. Zeren euskarari ukatzen zaion espazio bakoitza, ebasten zaion arnasaldi bakoitza eta ezabatzen zaion lerro bakoitza gure hizkuntzaren geroa idatzi behar dugun guztioi eginiko erasoa baita, euskarari lapurtzen zaion itxaropen izpi bat gehiago, legeak aitortzen duen normaltasun demokratikoz lapurtutakoa, gainera. Gandhik erran zuen bezala, jende txarraren gauza txarren ankerkeriarik handiena jende onaren isiltasuna baita.


    Eskola euskaldunaren bidean, Baxoa euskaraz!
    Egoera lazgarri honen aurrean euskaldun eta euskaltzaleok badugu zer esan eta zer egin. Badugu Paris eta Madrilen diseinaturiko legeria menperatzaileei aurre egiteko bidean urratsak ematerik. Tresna bikaina eskaintzen digu Kontseiluak horretarako: ‘Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamena’. Bada garaia erabaki ausartak hartzeko, legeria zahar eta ustelak gainditzeko, inposaketa kudeatzen jarraitu ala geure bidea egin erabakitzeko. Elkarlanerako garaia dugu. Eskola euskalduna nahi dugu, eta eskola euskaldunaren bidean baxoa euskaraz pasatu nahi dugu.


    Horretarako egin dugu bat gure aldarrikapenetan Baxoa euskaraz eta Euskal Herrian Euskaraz taldeetako kideok, batzen gaituenaren inguruan hitza eta ekintza uztartzeko asmoarekin.


    Zentzu horretan Frantziako Gobernura iritsi den Alderdi Sozialistak Baionan duen egoitzan ekimena egin dugu azken asteotan, Xiberuan, Baxe Nafarroan eta Lapurdin aplikatzen diren hizkuntza politiken erantzuleen aitzinean. Ondotik elkarretaratzea egin genuen eskola euskaldunaren bidean baxoa euskaraz pasatu nahi dugula aldarrikatzeko. Oraingoan, euskaldunok urratsak ematen segitzeko dugun arduratik, indarrak batuz eta herri presioa areagotuz, hiru herrialdeotako ikasleok pairatzen dugun egoera krudelaren argazki orokorra helarazi nahi dizuegu, euskaldun eta euskaltzale guziei luzatuz gurekin batera bultza egiteko gomita.
    Eskola euskaldunaren bidean, baxoa euskaraz!


    Baxoa Euskaraz eta Euskal Herrian Euskaraz taldeek sinatuta,
    Baionan, 2013ko ekainaren 12an.

     

    ERANSKINA (gogoan hartu beharreko datuak):
    A) Euskarazko ikasketen egoera Lapurdi Baxe Nafarroa eta Xiberuan:
    Gazte gehienek 15-18 urte bitartean ez dute euskaraz ikasten. Batzuek, euskara klaseak izaten dituzte. Bernat Etxepare lizeoan, 200 ikasle inguruk, euskaraz ikasteko parada dugu, baina baxoan euskaraz bi gai soilik pasatzen ditugu, besteak berriz frantsesez. Alta, legearen ñabardurek azterketak euskaraz egiteko aukera uzten dute “eskualdeko hizkuntzen erakaskuntzaren beharrek justifikatuko balute”.

    Eragina:
    Gaur egungo hezkuntza sisteman, baxoaren bidez neurtzen da lizeoan iragan hiru urteetan, eta zabalago, ikas prozesu osoan zehar ikasleek lorturiko maila. Hala, baxoak baldintzatzen du lizeoko irakaskuntza eta azterketak frantsesez pasa beharrak, euskaraz ikasteko eskubidea:
    -Urtean zehar ebaluaketa eta etxeko lan asko hizkuntza horretan egiten ditugu, azterketei begira, euskararen kaltetan.
    -Gehiago dena, hainbat ikasle eta gurasok, beste ikastetxe batzuetara jotzen dute euskarazko ikasketak baztertuz. Kolegiotik Lizeora nabaria da ikasleak “galtzen” dituela Seaskak, arrazoi bakarra baxoa ez izanik ere. (urruntasuna, gastu ekonomikoa, eskaintza mugatua...)
    -Gainera, oraindik ere baxoak duen garrantzia ikusirik, oztopo sinboliko izugarria da euskarazko ikasketentzat: “Euskarak ez du baxorako balio, ez ikasteko, ez...”
    Baxoa euskaraz pasatzearen onurak:
    Baxoa euskaraz pasatzeak, euskaraz ikasteko eskubidea bermatuko du, “elur-bola” eragina sorraraziz:
    -Ikasle gehiagok egingo du lizeoan ikasketak euskaraz jarraitzeko hautua eta Seaskaren eskaintza hedatuko da. (lanbide heziketa, 2. lizeo bat...)
    -Euskarazko ikasketak, baldintza hobeetan burutuko dira eta ikasleaz euskaraz trebatuagoak. (Gaur egun, gure lizeoan erakasle asko bakarrak dira frantses programa bat ikasleeri euskaraz erakatsi behar dietenak eta gehiago izateak beren jarduna erreztu lezake.)
    -Lizeo elebidunetan ere gai ezberdinak euskaraz irakasteko pausua egin lezakete.
    -Euskararen egoera kezkagarria den lurraldean, hizkuntza honen biziraupenerako lagungarri

    B) Europatik datozen legedi, marko juridiko eta gomendioek oso bestelako urratsak eskatzen dituzte. Horien arabera:
    o Europar Batasuneko kide diren estatuek bertako kulturen loratzea bultzatu behar dute, eskualde eta nazioetako berezitasunak kontuan hartuz, ondare komuna goretsiz ( 128. artikuluaren arabera).
    o Frantziak idatziok onartzen ditu, baina, konstituzioaren arabera Frantses Estatuan ez da kultura gutxiturik, beraz, hauek babesteko hitzarmenak ez dituzte aplikatzen, euskara galtzaile duen diglosia desorekatua muturrera eramanez.
    o Legeak eskubide batzuk onartzen dizkigu: gure hizkuntzaren onarpen juridikoa: administrazioan, justizian, komunikabideetan, kulturan, eremu sozio-ekonomikoan, mugaz gaindiko harremanetan, zerbitzu publikoetan, azpiegituretan, irakaskuntzan, gure hizkuntzan jarduteko eskubidea.
    o Euskara toki guztietan erabiltzeko mila milioi euroko aurrekonturako eskubidea izango genuke.
    o Kultura eskubidean zehazki euskaraz ikasteko, hitz egiteko (etxean, lanean eta zerbitzu publikoetan), ofizialtasuna izateko (Kuijpers erabakia . 1987)
    o Irakaskuntzan, Europako Parlamentuak 4 gomita luzatzen ditu:
     1: Herri hizkuntzari neurri ofiziala.
     2: Estatu hizkuntzarekin berdintasuna (ama eskolatik unibertsitatera).
     3: Irakasleak formatu eta ikas tresnak antolatzeko (materiala).
     4: Herri diploma eta agiriei balio berdina ematea.
    o Gizabanako bezala ditugun eskubideak:
     Aukeratzen dugun hizkuntzan adierazteko askatasuna (pribatu + publiko)
     Kultur politika propioa gauzatzeko
     Ikasketak gure hizkuntzan gauzatzeko

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.