• 11
    EKA

    Eskola euskaldunak itotzeko ekinaldiak ez du etenik. Hori salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo ixteko arriskuan den ikastolako gurasoek.

    Ziburuko ikastola ixteko arriskuan dago

    Ziburuko ikastolako gurasoek Kaxkarotenia ikastolaren aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo goizean. Bertan, Guy Poulou auzapezak Ziburuko ikastolari hitzarmena berritu nahi ez izana salatu zuten. Egoera larria da, irailean egoitzarik eta lurrik gabe gera baitaitezke.

    Kaxkarotenia ikastola orain bi urte sortu zuten Ziburuko Marinela auzoan, eskola publikoko eremuan. Hasieran hiru ikasle baziren ere, egun zortzi dira bertan ikasten dutenak eta heldu den ikasturterako beste hamabik eman dute jada izena. Uztailaren 5ean iraungiko da sorreran sinatutako bi urtetako hitzarmena eta auzapezak ez diela berrituko jakinarazi die.

    Poulouk Piarres Larzabal kolegiora joateko esan die. Gurasoak ez daude ados ordea. Alde batetik pedagogikoki haurrak eta nerabeak nahastea ez dela egokia iduri dute. Bestetik, Piarres Larzabal kolegioan ez dela guztientzat lekurik eta ikastolak badituela proiektu propioak adierazi dute. Marinelako eskola publikoko lanak bukatu ondoren hutsik geldituko den aisialdi zentrora mugitzeko eskatu du ikastolak. Aisialdi zentrorako «beste plan batzuk» dituela ihardetsi die auzapezak.

    Ziburuko Herriko Etxea eta Seaska duela bi aste bildu ziren. Irtenbiderik ez zela eta auzapezak jarrera aldatzen ez zuela sumaturik antolatu zuten atzoko elkarretaratzea. Besteak beste, Sylviane Alaux diputatuaren eta Ziburuko hautetsi abertzale eta sozialisten babesa jaso zuten atzo bertaratutako gurasoek. Auzapezaren “borondate eskasa” salatu zuten, Ikastolaren aldeko eta kanporatzearen aurkako oihu artean.

    Paxkal Indo Seaskako presidentea ere bertan izan zen. Poulouri “gezurrak”alde batera utzi eta “zintzoki” jokatzeko eskatu eta Seaskak berak ikastola sortzeko proiektua aitzinera eramango duela adierazi zuen.
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.