• 24
    URR

    Euskal Herri osoko ikastoletako 200 bat kidek babesa adierazi diote Ziburuko ikastolari, eta azaroaren 8ko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

    Kaskarotenea indarrez husteko mehatxua egin du Ziburuko auzapezak
    Raul Bogajo / Argazki Press

    Pasa den ostiralean uxerra Kaskarotenea ikastolatik pasatu eta 4.300 euroko isuna jarri ondoren, Ziburuko auzapezak Kaskarotenea ikastolaren egoitza uzteko agindu du. Bertakoek agindua betetzen ez badute "indarrez (jendarmak erabiliz)" kanporatuko dituztela ohartarazi die ikastolako kideei. Horren aurrean, prentsaurreko jendetsua egin dute gaur.

    Guy Poulou Ziburuko auzapezak Ziburuko Kaskarotenea ikastolako arduradunei igori dien oharra argigarria da: "Okupatzen duzuen lekua jendez eta objektuz husteko agintzen dizuet. Hala egin ezean, kanporatzea gauzatzera behartuta ikusiko dut nire burua, beharrezkoa balitz, indar publikoaren laguntzarekin".

    Auzapezaren erasoari erantzun irmoa eman zaio gaur. Hain zuzen, Kaskarotenea ikastolari babesa adierazteko agerraldia egin dute Durangoko Plateruena kafe antzokian 200 bat pertsonek. Euskal Herri osoko ikastola ezberdinetako zuzendari, irakasle, ikasle eta gurasoak batu dira, tartean, Ziburuko ikastolakoak. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Ziburuko auzapezaren jarrera kritikatzearekin batera, Kaskaroteneak bizi duen egoeraren dimentsioa azpimarratu du: "Ez da ikastola bakar baten aurkako erasoa; euskarari, euskal kulturari eta euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da". Alde horretatik, ikastola guztiak "eraso honi aurre egiteko bat eginda" daudela adierazi du Tellituk, baina bestelako erakunde, alderdi eta eragileen "erantzunkizuna" ere nabarmendu du.

    Agerraldian, ikastolak bizi duen egoera salatzearekin batera, azaroaren 8an Ikastolak ez hunki lelopean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute, Kaskaroteneari babesa erakusteko. Arratsaldeko 4etan abiatuko da martxa, Ziburuko plazatik.

    Urruñatik elkartasuna

    Joan den astean, Ziburuko kaskarotenea ikastolara bisita egin zuten Urruñako EHEko kideek. Urriaren hasieran egindako bazkariari esker bildu zituzten 600€ak emateaz gain, Urruñako haurrek margotutako kuadro bat ere eskaini zieten. Bide batez, azaroaren 8an eskola euskaldunaren alde egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuten.

    Argi izan dezatela: ez gara espaloitik jaitsiko!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.