• 17
    API

    Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformak matrikulazio kanpaina paraleloa egin du, euskarazko hezkuntza nahi duten gurasoen kopurua ezagutzeko. Aurten 82 gurasok ezinen dituzte haien seme-alabak haur eskola euskaldun batean matrikulatu.

    80 haur baino gehiagok ezinen dute euskarazko haur eskolara joan Iruñeko Alde Zaharrean
    Datuak eman ditu plataformak gaur Iruñean. EGINKLIK

    Haur eskola euskalduna nahi dute Iruñeko Alde Zaharrean. Hamaika aldiz atera dira karrikara, hamaika arrazoi eman dituzte, eta lanean jarraitzeko datuak jarri dituzte mahai gainean. Aurten, 82 gurasok euskarazko haur-eskola batera eraman nahi zituzten haien seme-alabak, baina ezinezkoa izanen da, ez baitzaio eskari horri erantzuten. Egoera salatu eta haur euskola euskalduna nahi dutela aldarrikatu dute Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformako kideek.

    Plataformaren idurikoz, guraso gehienek euskarazko irakaskuntzaren alde egiten dute. Horren froga da matrikulazio kanpaina paraleloan lortu duten emaitza. Izan ere, 82 gurasok egin dute haien seme-alabak haur eskola euskaldunean matrikulatzeko eskaera. “Datu hauek, kasu guztietan, auzoko 0-3 urte bitarteko haurren kasu errealak dira, aurten, ahal izanez gero, Alde Zaharrean euskarazko Haur Eskola batean matrikulatuak izanen zirenak”, azaldu dute plataformako kideek. Gainera, gehiago izan daitezkeela uste dute, dituzten baliabideekin guraso guztiengana iristea ezinezkoa zaielako.

    Eskaera horiek Iruñeko Udalaren erregistroan sartu dituzte gaur, nabarmen uzteko eskaintzari ez zaiola “behar bezala” erantzuten. Izan ere, Iruñean bi haur eskolek baizik ez dute euskarazko eredua eskaintzen, eta biak Txantrea auzoan daude. Bestalde, Alde Zaharreko haur eskola erdaldunak 58 haur biltzen ditu. Azaldu dutenez, bi eskari dira, beraz, Udalak betetzen ez dituenak: “Egungo eskaintzak ez ditu asetzen auzoko betebehar errealak, ez plaza kopuruari dagokionez ezta, bereziki, hizkuntza ereduari dagokionez”.

    Haurren etorkizuna
    Euskarazko haur eskolaren aldeko hautua egin nahi duten 82 familia horien seme-alaben etorkizuna, beraz, ez da gurasoen esku egonen. Batzuek erdaraz matrikulatu beharko dituzte haien seme-alabak, gogoz kontra. Beste batzuek, apika, lortuko dute Txantreako haur eskola euskaldun bietakoren batean plaza. Dena den, auzotik urruti egonen dira, eta horrek ere haur eskolen zerbitzua berrikusteko beharra agerian uzten du. Kasurik makurrenean plazarik gabe geratuko dira haurrak, edota beste auzo batetako haur eskola erdaldunen batera joan beharko dute.
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.