• 27
    URR
    Zenbat balio du bigarren eskuko tanke batek?

    "Sektore baten estrategikotasuna benetan aintzat hartzea da gakoa, estrategikotasuna hitzez aitortu baina ekintzez (ehuneko bi!) mespretxatu beharrean. Sinpleago esanda: banaketa irizpide bidezkoez gain, askoz diru publiko gehiago behar dute eta, batez ere, merezi dute euskarazko hedabideek"

    Euskarazko egunkariaren sorrerari buruzko eztabaidak ugariak izan ziren 1980ko hamarkadaren bukaeran. Askotan herri eta auzoetako mahai inguruetan, batzuetan prentsako artikulu bidezko eztabaidetan, eta gutxi batzuetan telebistan. Eztabaida ez zen irismena edo eraginkortasuna. Eztabaida zen ea nahikoa kazetari euskaldun prestatu bazegoen egunero euskarazko egunkari bat kalean jartzeko. Eztabaida zen egunkariak ETB bezala publikoa izan behar zuen, edo erakunde publiko-politikoetatik independentea. Eztabaida zen, publikoa ez baldin bazen, diru publikoak lagundua izatea mereziko zuen.

    Egunkari publikoa egitearen aldekoak proiektua prestatzera ere iritsi ziren, auskalo-zenbat milioi pezetako aurrekontuarekin. Egunkaria instituzio publikoetatik at egin nahi genuenok askoz diru gutxiagorekin egitea posible zela argudiatzen genuen, baina diru laguntza publikoa beharrezkoa izango zela, hala ere, ezinbestean sortuko zuen zuloa estaltzeko. Euskal Telebistan egin ziren eztabaida haietako batean Ramon Labaienek hartu zuen parte, Eusko Jaurlaritzan Kultura sailburu zela Euskal Telebista abian jarri zuen berak. Salbuespena zen: EAJkoa izanik, egunkari ez-publikoa diru publikoz laguntzearen aldekoa zen. Ez dut gogoan zein zuen, edo zituen, parean, baina baten batek argudiatu zuen euskarazko egunkari bat diru publikoz laguntzea garestiegia izango zela, urtero zulo handiegia egingo zuela. ETB2n ariko ziren, Labaienen esaldia gazteleraz gogoratzen baitut: «¡Eso es un tanque de segunda mano!». Gaurko hizkeran, AHTaren metro gutxi batzuk. Jaurlaritzaren gastu osoaren barruan, huskeria bat. Hori eta gehiago merezi zuela euskarazko egunkariaren ametsak, horixe esan nahi zuen Labaienek bigarren eskuko tankearen ateraldiarekin.

    Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren argudioen artean irakurri behar izan dugu BERRIAk aurrekontua jaitsi izanak ere justifikatzen duela, besteak beste, diru laguntza jaitsi izana. Soldatez hitz egitea kosta egiten zaigu euskaldunoi, baina batzuetan hitz egin behar da. Ez daukat BERRIAko langileen soldatari buruzko informazio eguneraturik, baina susmatzen dut, batez beste, Eusko Jaurlaritzako funtzionarioen edo euskal hezkuntza sareetako irakasleen edo EITBko lanpostu finkodunen soldaten erdira ere ez zela iristen, duela gutxi gerrikoa are gehiago estutu eta are gutxiago kobratzea onartu aurretik ere —artikulu hau bidali ondoren irakurri dut langileen oharrean Hego Euskal Herriko batez besteko soldata baino %24 txikiagoa dela BERRIAko langileena; atera kontuak—. BERRIAk inoiz baino irakurle gehiago ditu, baina egunkaria paperean erosten dutenak gero eta gutxiago dira. Gero eta jende gehiagok baliatzen du haren zerbitzua, baina gero eta jende gutxiagok ordaintzen du. Diru sarrerak etengabe doaz behera. Irauteko, aurrekontua jaitsi behar. Aurrekontua jaisteko, soldatak eta bestelako gastuak jaitsi behar. Horren ordaina, diru laguntzak gutxitu. Datorren urteko aurrekontua eta soldatak are gehiago jaitsi behar izateko? Eta, ondorioz, hurrengoan diru laguntzak are gehiago jaistea are justifikatuago egoteko?

    Polemika honen erdian jakin dugu Eusko Jaurlaritzak hedabideetako publizitatean gastatzen duen diruaren %2 baino ez dela iristen euskarazko hedabideetara. Barkatu. Ehuneko bi esan duzu? Ez dago erratarik? Diru laguntzen banaketarako irizpide ahalik eta objektiboenak finkatzea ondo dago, beharrezkoa da, bidezkoa da. Irismena irizpide horien artean aintzat hartzea ere bai, hedabide nazionalek arlo horretan duten desabantaila ere kontuan hartzen bada. Baina arazoaren funtsa ez da hori. Gakoa lehen eskuko tankeetan dago, AHTaren kilometroetan, %2 negargarri horretan. Alegia: sektore baten estrategikotasuna benetan aintzat hartzea da gakoa, estrategikotasuna hitzez aitortu baina ekintzez (ehuneko bi!) mespretxatu beharrean. Sinpleago esanda: banaketa irizpide bidezkoez gain, askoz diru publiko gehiago behar dute eta, batez ere, merezi dute euskarazko hedabideek. Denek: tokikoek eta nazionalek.

     

    Imanol Murua Uria, kazetaria

    (berria.eus-etik hartutako iritzi artikulua)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.