• 02
    ABE

    Abenduaren 14an Tafallan dugu zita. Egitarau zabala antolatu du Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri Ekimenak.

    Vascuencearen legea eraisteko deia egin du Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri plataformak. Abenduaren 15an 28 urte beteko ditu aipatu legeak, baina baikor ageri dira Herri Ekimeneko gurasoak: "Berlingo Harresia erori zen bezala, Vascuencearen Legearen harresia, eroriko da ere, edo hobe esanda, botako dugu". Horren bidean, abenduaren 14an Tafallara joateko deia egin dute gaur goizeko prentsaurrekoan.

    Azaldu zutenez, azken egunotan herri euskaldunari eta euskarari jarri zioten "horma horretan pitzadura zabaldu da". Eragile ezberdinen lana dago gibelean, zeinak eskola euskaldunaren aldarria lau haizetara barreiatu duten. "Jendartearen atzetik", politikariek ere proposatu dituzte aldaketa ezberdinak, nahiz eta legeari aldaketa "txiki bat" egitera besterik ez diren ausartu. Aldaketa txiki hau "ongi etorria" izanagatik, gurasoek aurrerago jo nahi dute, Harresia eraitsiz.

    Hori lortze bidera, "lanean, elkarlanean, euskararen aldeko auzolanean jarraitzeko garaia da" beraien irudiko, "ezer ez da konpondu eta".

    Hainbat ekintza antolatu dituzte abenduaren 14rako:

    Alde batetik, "euskaraz ikasi nahi dugun herrien ordezkarion batzarra" burutuko dute,
    eguerdiko 11etan, Tafallako Baigorri Elkartean. Bertan, aurrean ditugun arriskuen eta aukeren
    azterketa egiteaz gain, ikasturte honetako matrikulazio kanpainari begira, planteamendu berezi
    baten zirriborroa marrazten hasiko dira. Batzar honetan parte har dezaten, Nafarroako “eremu
    diskriminatutako” herrietako biztanleak gonbidatu zituzten bereziki.

    Eguerdiko 11etatik aurrera, Tafallako Foru Plazan, “Euskara Plazara” izango dute. Bertan,
    gaztelu puzgarriak, txokolate jana, dantzariak, Garesko Monstruoak, Tafallako txistulariak,
    haurrendako tailerrak, Hamarratz, eta beste zenbait ekintza egongo dira.

    Ondoren, eguerdiko 13:00etan, kalejira egingo dute “Berlingo harresia nola, Vascuencearen Legea
    hala! Gure herrietan euskaraz ikasi nahi dugu” lemapean. Giro alai eta aldarrikatzailean,
    Vascuencearen Legearen harresia botatzeko aukera ere izango da.

    Euskal Herri osoko eragile zein norbanakoak gonbidatu dituzte kalejira honetan parte har dezaten. 28 urte hauen ostean, "aldaketa garaia delako, euskararen garaia delako, zonifikazioarekin amaitzeko garaia delako, eta euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea dugulako", abenduaren 14an, denok Tafallara!

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.