• 31
    MAR

    Hizkuntza eskubideak gauzatzeko protokoloa osatuko dute aurrerantzean nazioarteko adituekin. Mugarria izango dela aurreratu dute.

    Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera egingo dute Donostian 2016ko abenduan
    Donostia 2016 eta Kontseiluko ordezkariak, goi bilera aurkezten. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

    Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu dute 2016ko abenduan egin asmo duten Europako Hizkuntza Aniztasunari buruzko nazioarteko goi bilera. Goi-bilera atontzeko "egokiena" Kontseilua dela oroitarazi du Donostia2016ko zuzendari Pablo Berastegik.

    Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok esan du "bakean" bizitzeko tresna bat eman nahi duela goi-bilerak, eta "urteetarako" ondarea lagako duela. Europa osorako "erraminta" bat. Balizko "errezeloak", gizarte zibilak "motore" izan behar duela ulertuta, baretuko direla dio Bilbaok

    Hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko helburuarekin, protokolo bat landuko dute Donostian. Proiektuaren sustatzaileak Kontseilua eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua fundazioa izango dira, eta, haien ekimenez, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera egingo da Gipuzkoako hiriburuan, 2016ko abenduan.

    Proiektu horren bidez, gizarte eragileen, erakundeen eta adituen arteko prozesu bat zabalduko dute, helburu zehatz batekin: hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko protokolo bat jorratu eta horren ondorioak nazioarteko goi bilera batean aurkeztea.

    Goi bileran aurkeztuko duten protokoloa hainbat lantaldek hurrengo hilabeteetan adostuko dutenaren emaitza izango da, eta ikuspegi zientifiko, akademiko eta soziala bilduko ditu. "Hizkuntza gutxituen egoera irauli eta hizkuntza komunitateen arteko berdintasunean oinarritutako Europa eraikitzeko tresna izango da", adierazi dute arduradunek.

    Hortaz, protokoloa nazioarteko foro eta erakundeetara eramango dute Donostiako goi bileran onartu ostean, eta oinarri bat izango da izaera askotariko erakundeek hizkuntza aniztasunarekin duten konpromisoaren oinarri arautzaile gisa erabiltzeko.

    Proiektuaren helburu nagusiak lau dira: batetik, hizkuntza aniztasuna eta garapena bermatzea, eta elkarbizitzarako zein bakerako oinarri funtsezkoak direla aldarrikatzea; bestetik, hizkuntza berdintasunaren alde, eta desabantaila egoeran dauden hizkuntzak garatzeko, tresna eraginkor bat sortzea; hirugarrenik, hizkuntza komunitateak prozesu horretan subjektu gisa agertzea, eta gizartea kudeaketa bidezko horren berme bat dela aldarrikatzea; eta, azkenik, Donostia eta Europako Kultur Hiriburua prozesu horren mugarri izatea.

    Egitasmoaren sustatzaileek ezarritako ildoaren arabera, hemendik 2015eko urrira bitartean proiektuaren nondik norakoak zabaltzeari ekingo diote, gizarte eragileen —bereziki hizkuntzaren alorrean dabiltzanak— ekarpenak jasotzeko helburuarekin. Urritik 2016ko maiatzera bitartean, berriz, batzorde zientifikoak eta talde antolatzaileak zuzenduta, goi bileran aurkeztuko duten agiria landuko dute. Hortik urrira bitartean atxikimenduak jasotzeari ekingo diote, eta proiektua Europako gizarte eragileekin partekatuko dute.

    Azkenik, abenduko goi bileran batzorde zientifikoak aurkeztuko ditu egindako lana eta jasotako atxikimenduak, eta, bide batez, beste fase bati ekingo diote, onartuko den testua aurrera begira tresna eraginkorra izateko bidea zehaztuta.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.