• 09
    EKA

    Hainbat eta hainbat dira egunotan argitara eman diren euskararen aurkako erasoak. Nabarmentzekoak dira horien artean, batetik, Osakidetza kudeatzen duen Osasun eta Kontsumo saileko buru Rafael Bengoak euskara ezagutzaren balioa berraztertuko duela esan ondoren ezagutzera eman den datua, hots, dagoeneko euskara maila kreditatu behar zuten Osakidetzako langileen herenak ez duela irizpidea bete. Bestetik, Espainiako Auzitegi Gorenak Azpeitiko euskara ordenantza baliogabetu izana dugu, erdararen eta erdaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituelakoan. Eraso larri horien aurrean EHEk oharra kaleratu berri du eta gogor salatu du euskarak pairatzen duen bazterkeria, burujabetzaren bidetik etorriko den erroko aldaketa aldarrikatu eta euskarari lehentasuna ematea galdegiteko.

    {mosimage}

     

     

    EHEren oharra:

    Erasoaldiak eguneroko ogi izanik ere, azken asteetan hauen berri izatea egokitu zaigu euskaltzaleoi. Erasoaldi makurrak dira, helburu bakarra dutenak: euskara eta bere herria desitxuratu eta eraikuntza lana oztopatzea.

    Bi erasoen berri jaso eta hauen salaketa egin nahi dugu ohar honen bidez. Lehena, Osakidetzari dagokio; jakin berri dugu 1320 langile daudela euren postuetan oraindik ere euskara profila kreditatu barik, honen epea pasata egonik ere. Baieztapen hau, gainera, Rafael Bengoa Osasun kontseilariaren ahotik bertatik entzutea egokitu zaigu. Honen arabera, pertsona horien zerbitzuak alboratu baino, egin beharrekoa, euskara meritu gisa definitzen dituzten irizpideak berrikustea da.

    Ez da hau gertatzen den lehen aldia. Lehengo urtean ere antzeko egoera baten aurrean aurkitu ginen, non euskara profila akreditatzeko epea pasa eta ehunka ziren lanean zenbiltzan langileak.

    Martxoan pasa zen azken Lan Eskaintza Publikoko deialdian, eskaintzen ziren 2500 lanpostuetatik 151ri besterik ez zieten exijitzen profila betetzea; orduko hartan EHEk eraso larritzat jo eta euskarak pairatzen duen bazterkeria eta zapalketa salatu zituen. Oraingoan, bada, egoerak okerrera egin du, izan ere, profilak kreditatuak ez egoteaz gain, Bengoak esan du euskararen eskakizunak berraztertu egingo dituztela. Alderdi sozialistak aurrera daraman politika ikusirik, EHEk jada piztuak ziren alarma gorriek bere horretan jarraitzen dutela adierazi nahi du. Euskara menpeko egoeran bizi da Osasun administrazioan ere eta beharrezkoa dugu menpeko egoera horretatik lehentasunezko egoerara itzultzea.

     

     

    Udaletan ere berri onik ez

     

    Osasun administraziokoa ez da jaso berri dugun erasoaldi bakarra; oraingoan espainiar auzitegietatik etorri dira berri txarrak. Azpeitiko euskararen ordenantzak erdararen kontrakotzat jo eta baliogabetu egin berri ditu Auzitegi Gorenak. Hauek, antza, gaztelania baztertzen dute eta hau erabiltzen dutenen hizkuntza eskubideak urratzen dituzte. Bada, EHEk neurri hau arbuiatu eta Azpeitiko euskararen udal ordenantzen eredugarritasuna jarri nahi du mahai-gainean.

    Azpeitiarrek beren berezko hizkuntza oinarri izanik osatutako ordenantzak dira 2005ean osatutakoak, alderdi guztien oniritziarekin. Auzitegi Gorenaren erabaki honek erakusten du nola garen euskaldunok bigarren mailako herritar gure herrian bertan, nahiz eta gehiengo nabarmen izan. Euskaraz bizi den herria dugu Azpeitia, %95 dira euskal hiztun, baina errealitate hori desitxuratu eta gure berezko hizkuntzari hauspoa kendu nahi diote. Euskaldunon komunitatea indargabetu nahi dute, gure herria bera indargabetu.

     

    Alta, bi eraso hauek aintzat izanik eta ez direla bakarrak kontuan izanik ere, euskarak beharrezkoa duen aldaketan egin nahi du indar EHEk. Euskara menpeko egoeran bizi dela aipatu dugu; bada, lehentasunezko egoera da izan behar duena, euskara delako gure berezko hizkuntza bakarra. Lehentasunezko politikak behar ditu Euskal Herri euskaldunaren eraikuntza gauzatu nahi badugu. Badakigu, baina, gaur gaurkoz ezin ditugula erabakiak gure kabuz hartu, Azpeitiko ordenantzekin ikusi ahal izan dugun bezala. Bada, beharrezkoa dugu, kanpo eskuhartzerik gabe, euskaldunok nahi dugun hizkuntza politika garatzeko eskubidea, burujabetzaren bidetik. Erabakitzeko ahalmena, azken finean.

     

    Bitartean, erasoaldiek etenik izango ez dutela jabetuz, hauei aurre egin eta euskaraz bizi diren eremuak babestuz eta berriak sortuz, Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan jardungo dugu, geurea dena lortu arte.

     

    EUSKARAZ BIZIZ, EUSKAL HERRI EUSKALDUNA ERAIKI!

     

     

    2009ko ekainaren 29an

    EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

     


    {mosimage}