• 11
    EKA

    Hizkuntza Eskubideen Behatokiak gogor kritikatu ditu Jaurlaritzaren azken Lan Deialdi Publikoak. Izan ere, Behatokiak salatu duenez, "kezkagarria da euskarari merezimendu gisa ematen zaion balorazioa duela hamar urteko lan eskaintza publikoko deialdian baino txikiagoa izatea".

     

     

    Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren oharra:

    Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Justizia eta Administrazio Sailak 2010 maiatzean argitaratutako lan deialdiei buruzko iritzia eman du, Donostian egindako agerraldian. Arantza Haranburu Karrerak, Behatokiko kudeatzaileak eman du Eusko Jaurlaritzak azken aldian egin dituen lan-deialdietan euskarari dagokion informazioa eta Behatokiak egindako azterketaren berri. 2008an iraungi zuen Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretua, Haranburuk azaldu duenez. “2010eko ekainean gaude eta ez da Dekretu berririk”, salatu du Behatokiko ordezkariak.

     

    2010eko apirilaren 19an argitaratutako ebazpenean, 140 plaza betetzeko oposizio bidezko hautaketan 58 (%41,42) lanpostutan Ertzaintzako 1. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharko da. Derrigortasunik ez duten lanpostuetan merezimendu gisa baloratuko da. Haranburuk azaldu duenez, “uztailaren 6ko 6/1989 Euskal Funtzio Publikoaren Legearen arabera, derrigortasunezko hizkuntza-eskakizuna ez duten lanpostuetan, merezimendu gisa baloratu behar dela dio, puntuazio osoaren %5-%20 bitartean. Aipatzen ari garen kasu honetan % 9,09 da”. Bestetik, “plangintzaldia amaituta, aurreikusi ziren baino 1500 ertzain gutxiagok egiaztatu dute hizkuntza eskakizuna”, azaldu du Behatokiko kudeatzaileak. 

     

     

    Administrari, administrari laguntzaile eta menpeko langileak kontratatzeko deialdia ere egin du Eusko Jaurlaritzak 2010ean. Maiatzaren 5ean argitaratutako deialdiak dira. 53 Administrari plaza, 203 Administrari Laguntzaile plaza eta 163 Menpeko langile plaza betetzeko oposizio-lehiaketa bidezko hautaketa. Guztira 419 lanpostu. Horietatik derrigortasun data ezarrita dutenak hurrenez hurren, 38, 98 eta 118 guztira: 254  Lanpostuen %71,69, %48,27 eta %72,39. Derrigortasunik ez duten lanpostuetan merezimendu gisa baloratuko da.

     

     

    Behatokiko kudeatzaileak azaldu duenez, administrazio orokorra euskalduntzeko laugarren plangintzaldian heldu dira deialdi hauek. Aurreko plangintzaldien ebaluazioak ezarritako helburuak ez direla kasu batean ere bete erakutsi duela esan du Haranburuk. “Hiru plangintzaldiaren ondoren derrigortasun data zuten langileen %43,9 soilik egiaztatu du bere lanpostuari zegokion hizkuntza-eskakizuna.

     

     

    Laugarren plangintzaldiak (2008-2012) aurrekoen gabezia berberak ditu abiapuntuan Behatokiak azaldu duenez. “Hiru deialdi hauetan ezarri diren derrigortasun data indizeak erreferentziakoren gainetik badaude ere, aurreko palngintzaldien emaitzak ikusita ez dugu ulertzen zergatik ez zaien lanpostu guztiei ezartzen derrigortasuna, kontuan hartuta, hizkuntza-eskakizun hori ez dela beti egiaztatzen eta langileak 45 urtetik aurrera derrigortasuna egiaztatzetik salbuetsita gelditzen direla. Kontuan hatu behar da egun lanean ari diren funtzionarioen %70ek 45 urte baino gehiago dituela, eta urteak aurrera joan ahala hizkuntza-eskakizuna egiaztatzetik salbuetsita dauden langileen kopurua emendatzen joango dela. Egoera berdintzeko modu bakarra, beraz, lan deialdietara ateratzen diren lanpostu guztiei iraungitako derrigortasun data ezartzea litzateke, hots, hizkuntza-eskakizuna lanpostua hartu orduko egiaztatzea”azaldu du Haranburuk. 

     

     

    “Ez dugu ulertzen ere, zergatik  kontsideratzen den langile batek 45 urtetik aurrera ez duela  hizkuntza ikasteko behar adinako gaitasunik, izan ere 60-65 urtera arte jarraitu beharko badu zerbitzua ematen. Derrigortasun data iraungita, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen ez duten langileekin neurririk ez hartzea ere ulergaitza da, praktikan salbuespena 45 urte baino gutxiago dituzten langileetara hedatzen duelako”, esan du Behatokiko kudeatzaileak.

     

     

    Behatokiko zuzendari Garbiņe Petriati Ijurrak azaldu duenez, “kezkagarria iruditzen zaigu euskara derrigorrez ezagutu beharrekoa ez den lanpostuen kasuan, euskarari merezimendu gisa ematen zaion balorazioa duela 10 urteko lan eskaintza publikoko deialdian baino txikiagoa izatea, administrarien kasuan %2.27 gutxiago, %1.35 gutxiago administrari laguntzaileen kasuan eta %1,25 gutxiago menpeko langileei dagokienean”.

     

     

    “Azken bederatzi urteetan Behatokiak kudeatutako datuek argi eta garbi erakutsi dute, herritarrak ahalegin handiak egin behar dituela administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eta gainera alboko kalte-ondorioak  ere pairatu behar izaten dituztela hizkuntza-eskubidea bermatzeko eskatzen dutenean”, azaldu du Behatokiko zuzendariak.

     

     

    Duela gutxi ezagutarazi du Behatokiak 2009. urteko txostena. Bertan, jaso diren kexa kopuruak gora egin duela aipatzen da. “1400dik gora espediente bideratu izanak eta kopuru hori azpian dagoen errealitate gordinaren parte txiki bat soilik besterik ez duela erakusten jakinik, ondorio nagusi batera eraman gintuen: inflexio-puntua nahitaezkoa dela hizkuntza-politiketan.  180 graduko aldaketa eman beharko litzateke hizkuntza-politiketan”, esan du Petriatik. “Administrazio Publikoak euskalduntzea berebizikoa da euskararen normalizazioan eta uste dugu ez zaiola behar bezainbeste garrantzi ematen eta ez dela behar beste aurreratu zentzu honetan. Administrazio publikoan, ezinbestekoa da zerbitzu guztietan euskarazko atentzioa bermatzea. Agintariek Administrazio euskaldun bat lortzeko gidaritza izan behar dute eta baliabideak jarri”, gaineratu du.

     

     

    Eskubideen bermatzaile izan beharko luketen instituzioek ez dutela euskaldunen babeserako mekanismorik abian jartzen salatu du Behatokiak. Halaber, euskal hiztunari ukatu egiten zaio berezko hizkuntza erabiltzea bere eguneroko bizitzan, galarazi egiten diote administrazioetako zerbitzuak berezko hizkuntzan jasotzea. Larritasun  handiko ondorio hauetara iritsi zen Behatokia.

     

     

    Bada, abian diren Eusko Jaurlaritzaren lan deialdietan  euskararen ezagutzari ematen zaion garrantzia eta balioa ikusirik,  galdera batzuk luzatu dizkie Behatokiko zuzendariak agintariei: “Euskara ezagutzeko betekizunari ematen zaion garrantzia nahikoa al da hiztunak euskara askatasunean erabiltzea bermatzeko? Nahikoa al da euskara zerbitzu hizkuntza, harreman hizkuntza eta lan hizkuntza izateko? Euskara erabiltzeko eskatzen zaigu euskaldunoi, nola erabiliko dugu zerbitzua eman behar diguten langileei hizkuntza-gaitasun egokia eskatzen ez bazaie? Nola erabiliko dugu euskara, horrek tratu zakarra, irainak etab. eragingo badizkigu?”

     

     

    Azken deialdi hauetan euskara ezagutzeko betekizunari ematen zaion garrantziak ez gaitu egoera normalizatu batera ekarriko. Are gehiago, hizkuntza-eskubideak urratzeko aukerak zabalduko dituzte. Euskaldunon eguneroko bizitzan eta hizkuntza-eskubideen eremuan jasaten dugun diskriminazio egoera  betikotu besterik ez dute egingo. Ondorioz, bada garaia herritarrei begirako politikak abian jartzeko, herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatuko dituzten erabakiak hartzeko.

    Eranskinak:

    Kontseilua