• 02
    ABE

     

    "Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz" dokumentalaren aurkezpen ekitaldia egin zuen EHEk atzo Donostiako Doka Kafe Antzokian. Horrekin batera, eragile euskaltzalearen 30. urtemugari bukaera eman eta heldu den otsailerako burujabetzaren alde prestatzen ari diren nazio manifestazioa iragarri zuen Igone Lamarain, EHEko kideak.

     

     

    EHEren 30. urteurrena izan zen iaz, baina eragile euskaltzaleak urte osoan zehar burutu ekimen ezberdinez ospatu nahi izan zuen urtemuga, egun bakarrera mugatu beharrean. Atzo, abenduaren 1ean, Donostiako DOKA Kafe Antzokian egin zuen EHEk 30.urteurrenari bukaera emateko ekitaldia, baina egia esan, garantzitsuena ez zen izan hori. Izan ere, "Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz" izenburupean dokumentala sortu du EHEk. Bertan, eragilearen ibilbidearekin batera hamarkadotan euskaraz bizitzearen eta Euskal Herri euskaldunaren alde lan eta borroka egin duten 22 pertsonaren esperientzia pertsonalak jaso ditu Ion Ansa zuzendari izan duen proiektuak.

    Aurpegi ezagun ugari eta dokumentalaren protagonista izan diren hainbat lagun bildu ziren Dokan, dokumentalaren lehen emanaldiaren magalean. Proiektu honi aurpegia jarri diotenak eta kameraren atzeko partetik lan egin dutenak ez ezik, euskalgintzaren munduko hainbat kidek eman zioten babesa EHEk jendarteari zabaldutako tresna berriari.

    Azpian dituzue sorkuntzaren sinopsia, aurkezpeneko irudiak eta albistea jasotzen duten loturak.

    Dokumentala Durangon izango da salgai, baina nahi duenak aurreikusi dezake www.berria.info webgunean bertan.

    Eranskinak:

    http://paperekoa.berria.info/harian/2010-12-02/013/004/euskararen_alde_eraginez.htm

    http://www.euskalherria.info/?q=node/13172

    http://www.durangokoazoka.com/index.php?op=4&show=12&id=2&eguna=6&ikus=46

     

     

    Sinopsia:

    "Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak 30 urte bete zituen 2009ko azaroaren 4an. Hamarkada hauetan asko izan dira EHEk Euskal Herri euskaldunaren bidean egin dituen gogoetak eta ekimenak; hainbat eta hainbat izan dira 1979an Lesakako zinema-areto batean zenbait euskaltzale bildu eta herria berreuskalduntzeko hautua herritik bertatik bultzatzeko borondate irmoz EHE sortzea erabaki zutenetik bidean emandako urratsak. Hala ere, bide hori ez du EHEk bakarrik egin, eta "IZAN, EGIN, ERAGIN. EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ" dokumentalak, sortze garaitik gaurdainoko EHEko hainbat kideren bizipenak eta gogoetak jaso ez ezik, hauetan eta bide horretan bultza egin duten zenbait euskaltzalerenak ere jaso ditu; iragana gogoan hartuz, etorkizuneko erronkak marrazteko.

    Euskaraz biziko den herriaren itsasora heltzeko errekaren parte diren ur tanta ugari biltzen dira, elkarrizketaz elkarrizketa esku artean duzun lan honetan. Kazetari, ekintzaile, irakasle, alkate, antzezle, herri mugimenduko kide, bertsolari... Ez daude bi ur tanta berdin, baina denek dute euskaraz biziko den herriaren alde izan, egin eta eragiteko konpromisoa."

     

    Irudiak:

    Igone Lamarain, EHEko kidea

    Igone Lamarain, EHEko kidea

    Doka Kafe Antzokiko aretoa bete-beteta zegoen

    Ion Ansa, sorkuntzaren zuzendaria

    EHEko, euskalgintzako eta dokumentaleko parte hartzaileak, emanaldiaren aurreko luntxean

    Dokumentalaren kartela