• 12
    EKA
    Durangon eta Garesen ere euskaraz egin nahi dute udalarekin

    Durangon elkarretaratzea egin zuten herritarrak udalaren erantzunaren zain daudela gogorarazteko. Garesen, berriz, batzar informatiboa egin zuten.

    Fase ezberdinetan egonagatik, atzokoan Durango eta Garesko herritarrek beste urrats bat egin zuten “Udalak eta biok, euskaraz” norabidean. Durangon, elkarretaratzea egin zuten udalak herritarren eskaerei entzungor egin diela salatzeko. Argi dute: “Erantzun bat jaso bitartean, eskari gehiago jasotzen eta mobilizatzen jarraituko dugu”. Gaur bertan hizkuntza eta hiztunen zapalkuntza perspektiba historiko batetik aztertzeko beta izango dute bertako euskaltzaleek. Arratsaldeko 19:00etan "Euskararen kate hautsiak" liburuaren aurkezpena eta berbaldia egingo da Plateruena Kafe Antzokian.

    Garesen, berriz, batzar informatiboa egin zuten. Diagnostikoa egin zuten lehenik. Besteak beste, igerilekuan, musika eskolan edota Turismo bulegoan hauteman zituzten hutsuneak hizkuntzari dagokionean. Eskaerak ekainaren 20an goizeko hamaiketan egitea adostu zuten bidenabar.

    Aldez edo moldez, herritarrak euskararen alde egotetik alde egitera pasaz, EHEk abian jarritako "Udalak eta biok, euskaraz" dinamika nazionala aurrera doa.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.