• 27
    EKA

    Euskaldunon hizkuntza eskubideen aitorpen ofizialik ezaren aurrean urrats garrantzitsua egin dute.

    Euskara hizkuntza ofizial izendatu dute Uztaritzen
    Uztaritzeko herriko etxea

    Euskara hizkuntza ofiziala da Uztaritzen. Uztaritzeko herri kontseiluak hartu du erabakia, eta Estatu frantsesaren pean dauden hiru herrialdeetan lehen herria da horrelako ekimen bat onartzen duena. Erabaki historikoa, zalantza izpirik gabe.

    Hala azaldu dute gehiengoz onartutako testuan: "Kontuan harturik euskara gure herriko eta lurralde honi izena ematen dion hizkuntza dela baina euskaldunen hizkuntza eskubideak, gaur arte, ezagupen ofizialik gabe daudela, herriko biltzarrak azalpena entzun eta eztabaidatu ondoren, euskara herriko hizkuntza ofizial izendatzen du frantsesaren hein berean".

    Estatu frantsesean euskara ofiziala ez izanik ere, hizkuntza politika burujabearen bidetik euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko hautua egin du Lapurdiko Herriko Etxeak. Bruno Carrere Uztaritzeko auzapezak kazeta.info-n adierazi duenez, "sinbolikoki esaten dugu euskaldunen eskubideak frantses hiztunen eskubideen berak direla". Horrez gain, "delibero honen garrantzia da justuki lehen kontzientziazio pausua izan daitekeela beste herriko etxe batzuentzat, eta egiten diren hizkuntzaren aldeko politika ezberdinekin batera badirela horrelako ekintza sinboliko azkarrak". Zentzu horretan gaineratu du "hizkuntza politiko handizaleagoak" egiteko bidea ireki dezakeela.

    Badirudi suprefetak auzitara eramango duela Uztaritze, hautu burujabeaz gain bertatik bertara eta inolako kanpo esku hartzerik gabe gure hizkuntz politikak erabaki ahal izateko lege babesaren premia agerian utziz.

    Jada hauteman daiteke izendapenaren ondorioa, atzoko deliberoa lehen aldiz elebidunean agertzen baita Herriko Etxeko paper ofizialetan.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.