• 06
    URR
    Herritarren eskaerei erantzuteko eskatu diote Iruñeko udalari
    Aurkeztutako instantzia

    "Udalak eta biok, euskaraz" egin dezaten hainbat ekimen egingo dituztela iragarri dute. Urriaren 18rako, kasu, Iruñerria zeharkatuko duen VI. euskarazbizi-kleta martxa antolatu dute.

    Iruñeko EHEk hainbat iruindarrek egindako eskaerei erantzutea galdegiten duen instantzia aurkeztu du udalean. Iragan ostiralean egin zuen, “Udalak eta biok, euskaraz” dinamikaren baitan. Eskaerak egia bihurtu bitartean lanean jarraituko duela adierazi zuen eragile euskaltzaleak.

    Herritarrak aktibatzea helburu, “euren eskari zuzen eta borondatetik abiatuta, aldaketak eragin eta norbanakook udalarekiko ditugun harremanak euskaraz izan daitezen” nahi dute. Bide horretan, Iruñeko udalari hiru eskaera zehatz egitea adostu zuten: “sinatzaileekiko idatzizko eta ahozko harremana euskaraz izatea, udalaren eskumena den errotulazioa euskaraz izatea eta Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskola bana egotea”.

    Aspaldi ekin zioten dinamikari. Zehazki, martxoaren 15ean batu zituzten eskaerak estreinakoz. 140, hain zuzen. Bost egunen buruan erregistroan aurkeztu eta udalaren erantzunaren zain egoteke, dinamika sozializatzen jarraitu zuten.

    Eskaerak erregistratu zituztenetik ia hiru hilabete betetzear zirela, isiltasun administratiboaren aurrean, ekimena egin zuten Txantreako Auzo-unitateko bulegoetan. Bertako erabiltzaileekiko harremana gaztelera hutsean dela salatu eta harremana euskaraz nahi zutela adierazi zuten.

    Egunak pasa, egunak etorri, udalak isilik jarraitzen zuen ordea. Horren aurrean, eskaera gehiago bildu eta aurkeztu zituzten, udalaren jarrera “axolagabea” publikoki salatzeaz gain.

    Bigarren bider eskaerak egin zituztenetik hiru hilabete pasa dira jada. Etsitzeko inolako asmorik gabe, iragan ostiralean aurkeztu zuten aipatu instantzia.

    Azaldu zutenez, erantzuna jasotze aldera lehen urratsa izan ez bada ere, ez da hondarrekoa izango. Udalari “herritarren eskaerak betetzeko udalak beharrezkoak diren neurriak har ditzan” galdegin zioten, nahiz eta urratsik emango ez duenaren zantzuak nabarmenak izan.

    Hori dela medio, herritarrak interpelatu zituzten, hor baitago aldaketa ororen giltza. Zentzu horretan, urriaren 18an Iruñerria zeharkatuko duen VI.euskarazbizi-kleta martxan parte hartzeko deia egin zuten. 10:30etan Errotxapeako Errotaberri elkartetik abiatuko dira eta Iruñeko udaletxe plazan amaituko dute 13:00ak aldera, ahalik eta txistu ozenena eginez. Ibilbidean zehar aldarrikapena argia izango da: “udalarekiko harremana euskaraz nahi dugu!”

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.