• 20
    URT
    Udalen euskara planak auzitara eramaten hasi dira Nafarroan
    Esparzak ezarri du helegitea

    Baztango Udalaren euskara plana salatu du Nafarroako Gobernuak. Udal gehiago egon daitezke jomugan.

    Nafarroako Gobernua ere hasia da Carlos Urquijoren bide bereko neurriak hartzen. Helegiteak jartzen ari da udalen euskara planei. Baztango Udalera, esaterako, jakinarazpen bat bidali du gobernuak, esanez legearen kontrakoak direla euskara sustatzeko hartu dituzten neurriak, eta auzitara joko duela. Helegitean emandako argudioak ikusirik, oso litekeena da beste herri batzuk ere salatzea.

    Asteon bertan jaso dute txosten bat Baztango Udalean. Abuztuan onartu zuten euskararen erabilera normalizatzeko plana, eta azaroan informazioa eskatu zien gobernuak. Toki Administrazioko kontseilari Jose Javier Esparzaren agindu bat iritsi zaie orain; planari helegitea ezartzeko agindua da.

    Irmoa da gobernuaren agiria. Batetik, iruzur egitea egotzi dio udalari: "Udalean euskararen erabilera arautzeko erregulazioa da, normalizazio plan gisa mozorrotua". Bestetik, legeak ez betetzea: "Kontraesana da planak esparru juridikoa aipatzea oinarri gisa eta gero sistematikoki urratzea". 

    Euskara lehenesteko neurri zenbait ageri dira planean: webgunea irekitzean euskarazko bertsioa agertzea lehenik, herritarrekiko harremanetan lehen hitza euskaraz egitea udaleko langileek eta seinaleetan euskara erabiltzea, adibidez. Hori "gaztelania bazterrean uztea" dela dio gobernuak.

    Zerbitzuak euskaraz ematea bermatzeko, kontratuetan hizkuntz irizpideak jarriko dituzte. Gobernuak dio herritarren zerbitzuetan jar litezkeela irizpideak; udalaren jardunerako kontratuetan, ez. Horrez gain, udalaren barruko neurriekin bereziki kritiko da gobernua. Idatzizko erlazioan, euskara bultzatuko dute: herritarrei euskaraz egingo diete, erdaldunen eskubideak errespetatuz betiere; euskara ofizial den eremuko erakundeei euskaraz egiteko eskatuko die. "Ele bitan egin behar dute, interesdunek bat erabiltzeko eskatu ezean", erantzun du gobernuak.

    Gomendiorik ere ez du onartu: hautagai euskaldunak aurkezteko "konpromisoa" hartzea proposatzen die planak alderdiei. Ez du nahi UPNk: "Konstituzioa urratzen du, kargu publikoak edukitzeko eskubideari dagokionez".

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.