• 06
    MAI
    Kontseiluak hizkuntza politika ausartagoak eskatu dizkie udalei
    Paul Bilbao eta Iņaki Lasa, atzoko aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

    119 udalerritan iragan lau urteotan izandako bilakaera aztertu du, 2006an eta 2010ean egindako lanari jarraipena emanez; benetako "eraldaketa" dakarten arauen falta atzeman du.

    Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasa eta idazkari nagusi Paul Bilbao agertu dira atzo, Donostian, azterlanaren berri emateko. Aurreko urteetakoarekin alderatuta, badu ezberdintasun nabarmen bat ikerketak: "Ez diegu notarik jarri udalerriei. Azpimarra udal bakoitzaren ezaugarrietan jarri dugu". Hain zuzen ere, Kontseiluaren webgunean jarri dituzte bildutako datu guztiak, eta aztertutako udalek hizkuntz politikan zein ahulezi eta indargune dituzten erakutsi nahi dute bertan, baina ez dute zenbaki zehatz batekin neurtu nor ari den ondo, eta nor gaizki. Udalerriz udalerri egindako fitxa guztiak bukatzeko dituzte: "Hilabete honetan zehar jarriko ditugu guztiak".

    Datuek erakusten dute, oro har, lehengo bidetik segitzen dutela udal gehienek, eta aldaketa nabarmen batzuk izan badira ere, gehiengoak aurretik "oinordetzan" jasotako ereduari atxikita jarraitu duela lanean igaro lau urteotan. Eta, azkenaldian Nafarroako Gobernuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urquijok euskara sustatzeko neurrien kontra hartutako jarrera oldarkorra eragozpen dela onartu arren, ausartago jokatzea oso garrantzitsua litzatekeela gogorarazi du Bilbaok. "Hizkuntza politika definitzen duten neurrien artean desoreka handia ikusten da. Orokorrean sustapenaren aldekoak, alegia izaera asistentziala dutenak, betearazleak direnak baino gehiago dira. 2006an azterketa egiten hasi ginenetik etengabe errepikatu den gaia da hau. Horrek eragin zuzena du hainbat arlotan erabakiak hartzeko. Izan ere, betearazleak diren neurriak ez hartzeak, arazoa betikotu egiten du".

    Zinetan "harrigarria" iruditzen zaie, baita ere, zenbat udalek jarraitzen duten euskararen inguruko ordenantzarik izan gabe. Aztertutako udalen %58k dituzte era horretako arautegiak, eta badira kasu oso nabarmenak: "Esaterako, Bilboko Udalak ez du oraindik ordenantzarik", ohartarazi du Iñaki Lasak. Estatuaren jazarpena halakoetan aurrera egiteko galga dela onartu arren, "utzikeria" ikusten dute hainbat udalen jarreran.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.