• 13
    EKA

    "Euskarak batzen gaituelako, hori izan zen larunbatean Uema egunak eraman zuen leloa. Uema egunaren hamazazpigarren edizioa izan zen ospatu zena eta zazpi herri berri izan ziren Uemak bere baitan hartutakoak. Horrela, jada 61 herri dira mankomunitatean batzen direnak, bere sorrera urtetik baino hirukoitza gehiago.

    {mosimage}

    Pasa zen urtean Azpeitian ospatu zen Uema eguna

     

     

    Musikaren doinuez hasi zuten larunbatean Uema eguna. Jai giroa nagusi, goizeko hamarrak aldera hasi zuten Uemako batzar nagusia. Bertan, gai nagusi modura, Uemako kidea egitea eskatu zuten zazpi herriren eskaerak aztertzea; urratsa eman zuten herriak Nafarroako Larraun, Etxalar, Bera eta Araitz, Gipuzkoako Elgeta eta Amezketak, eta Bizkaiko Busturia zeuden. Larunbatean, beraz, bost herri sartu ziren ofizialki Ueman; Larraun eta Beraren kasuan epe arazoak zirela eta ezin izan zuten larunbatean sartu, baina datozen egunetan egingo dutela baieztatu zuten Uemako ordezkariek.

    Kontseiluarekin hitzarmena ere izendatu zuten; hain zuzen, udalen hizkuntza politikari jarraipena egiteko hautua egin zuten larunbatean instituzioekin batera egin zuten ongietorrian. Horren ondotik etorri zen eguneko ekitaldi nagusia. Jon Bollar, Uemako lehendakariak, jaiaren helburuak, jaia bera iragartzeko erabilitako zuhaitzarekin parekatuz azaldu zituen: "eguna irudikatzeko baliatu dugun zuhaitzak laburbiltzen du: zuhaitz honen sustraiek euskara nagusi izango den lurrari tinko eusten diote; gure zuhaitzaren goiko aldean berriz, kolore eta itxura guztietako irudiak ditugu, betiko euskaldunak, etorri direnak eta eskarara hurbildu nahi dutenak, pauso hori eman eta euskaldundu direnak... azken batean, euskararekin bat egingo duen oro hartuko dugu gure zuhaitzean".

    Berako eta Etxalarko alkateek ere hartu zute hitza ekitaldian. Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak,Ueman diharduten herri nafarrak izan zituen hizpide; hamabi dira guztira. Guztiek bat eginik euskarak lurralde osoan ofizialtasuna izan dezan lan egitera dei egin zuen. Berako alkate Iosu Irazokik, aldiz, Ueman sartzeko emandako urratsa izanik hizpide, Uemak helburu duen euskaldunen eskubideak bermatzearekin bat datozela azpimarratu zuen.

    Ekitaldia amaitzearekin, herri bazkaria, haurrentzat jolasak, zikiro jatea... izan zituzten eta egunarekin amaitzeko kontzertua herriko plazan.